Tu nueva Orbea está más cerca de lo que piensas: Encuéntrala

Orbea Teams

Euskadi Fundazioak bere 25. urtemuga ospatu du, eliteko txirrindularitzara itzultzeko nahiarekin

2018-01-15

Bilboko Azkuna Zentroan izandako ekitaldian aurkeztu du Fundazioak ilusioz betetako bere etapa berria, helburu argi batekin: Euskadiko zaletuk munduko lasterketarik hoberenetan dar-dar egin dezatela, Fundazioan prestatutako taldeari esker.

“Ilusioa” “Grina” “Harrobia” “Anbizioa” Hitz horiek behin eta berriro errepikatu dira astelehen honetan Bilboko Azkuna Zentroko ekitaldian. Euskadi Fundazioaren 25. urtemuga ospatzeko eta bere txirrindulari-taldearen denboraldiari hasiera emateko ekitaldia izan da, aurten maila kontinentalean arituko baita taldea.

Ekitaldian erakundeetako ordezkariak izan dira, besteak beste: Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria; Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua; Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea edo Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. Proiektu honi bultzatzeko indarrik handiena eskaini duten bi euskal enpresetako ordezkari gorenak ere bertan izan dira: Orbeako zuzendari orokorra, Jon Fernández, eta Etxeondoko sortzailea eta jabea, Paco Rodrigo.

Era berean, Euskadi Fundazioaren etapa berri honi beren babesa erakutsi nahi izan diote txirrindularitza munduko hainbatek, hala nola, Javier Guillén, Espainiako Itzuliko zuzendari orokorrak; Roberto Laiseka, Iban Mayo edo Egoi Martínez Fundazioaren historiarekin zerikusia duten txirrindulari ohiek, edo zenbait euskal kirolarik, Alberto Iñurrategi mendigoizaleak edo Asier Illarramendifutbol-jokalariak, esaterako.

Ekitaldi hunkigarria izan da eta 25 urte hauetan Euskadi Fundazioaren lana ahalbideratu duten pertsona eta erakunde guztiak aitortu dira. Bereziki Miguel Madariaga, Fundazioaren arima bi hamarkada baino gehiagoz eta etapa berri honetan Mikel Landari lekukoa eman diona. Hau da Euskadi Fundazioko presidentea irailaz geroztik.

Jon Fernándezek, Orbeako zuzendari orokorrak, Orbea etxeak Euskadi Fundazioarekin hasiera-hasieratik izan duen konpromisoa gogoratu du: “25 urte hauetan, Orbea hor egon da beti. Orbeak Euskadiko Txirrindularitza Fundazioa babestu du, babesten du eta babestuko du”.

Fundazioaren eta Orbearen ibilbide paraleloak gogoratu ditu, gure lurraldean oso sustraitutako balioetan oinarrituta hazi diren bi proiektu direla esan du eta ondoren Mikel Landari esan dio “lortu genuen euskal txirrindulari taldearen utopia egia bihurtzea, nazioarteko talde handiekin lehiatzea, eta berriro ere amets hori egia bihurtuko dugu. Gure bermea duzue.

Patxi Rodrigo Etxeondoko zuzendariak etapa berri honetan Euskadi Fundazioaren proiektuak duen “anbizioa” azpimarratu du: “Euskal txirrindularitza beti egon behar zen gailurretara itzuli”. Alpe d’Huez edo Luz Ardiden bezalako gailurretara, garai batean laranjaz jantzi ziren gailurrak biak ere, “euskal zaletuen bihotzean kolore hori baitzegoen”.

Amets hori berriro bizitzea da asmoa”. “Ez da erraza izango”, esan du Patxi Rodrigok eta “denen babesa” eskatu du: Marea Laranjaren oihuak ezinbestekoak izango dira. Erakundeak, enpresak... badakigu hor egongo zaretela, elkarrekin indartsuagoak baikara”.

Amaitzeko, Mikel Landak Fundazioko presidentzia hartzeko arrazoien berri eman du: “Euskal txirrindularitza sustatu eta Euskadi Fundazioari eman didan guztia itzuli”. Euskadi Fundazioko presidente berriak adierazi du “proiektu berri honi bultzatzeko dugun ilusioz kutsatu nahi dituela” lankidetzan aritu nahi duten lagun, enpresa eta erakunde guztiak. “Ez dut Euskadi Fundaziorik gabeko txirrindularitzarik irudikatzen”, adierazi du.

Mikel Landak eskerrak eman dizkie -“sortzaileei, bazkideei, txirrindulariei”- 25 urte hauetan Euskadi Fundazioan trebatutako txirrindulariek munduko txirrindularitzako lehiaketarik hoberenetan nabarmentzeko aukera izan dutelako. “Euskadi Fundazioa berriro ere puntaren puntan ikusteko ametsa dut”, esan du amaitzeko.